XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) egin zitekeen herrien zerrenda osatu zuen Yrizarrek ere eta horren guztiorren berri Sobre la exploración lingûística del País Vasco-n [orain Contribución I, 127-139] eman zuen.

Contribución honetan berton bildu ziren, Yrizarren txostenaren osagarri, Lafonek, Gavelek eta A. Irigarayk BAP aldizkarian plazaratu zituzten eranskin eta zuzenketak.

Mitxelenak fonetika eta morfosintaxia alorretan egin zitezkeen galderak zehaztu zituen bitartean, aditzaren barrutian egin zitezkeenak tajutu zituen Yrizarrek, gero Atlas Lingûístico del País Vasco. Cuestionario de formas verbales [orain Contribución I 155-170] txostenean plazaratu zituenak.

Txosten hau osatzera etorri zen Aditza euskalki guzietan arloaren adieraztea [orain Contribución I, 273-303].

Ez dago esan beharrik Yrizarren proposamenak, eta berdin gorago (2.3.4.) ikusi ditugun Mitxelenarenak, ezinbestekoak dituela gaurregun zein bihar-etzi tankera honetako lanetan murgilduko denak.

Euskara bere osotasunean aztertu izanak, Bonaparteren euskalki-sailkapenari aldaketa eta zuzenketa zenbait egitera bultzatu zuen, bestalde, Yrizar (ikus, bereziki, Observaciones referentes a la clasificación dialectal, Contribución II, 241-330).

Bera dugu, gainera, Bonaparteren sailkapenari, bere orokortasunean hartuta, zuzenketak egin dizkion lehena eta, oraingoz, bakarra.

Nolanahi ere, ezin ditugu Yrizarren proposamenok behin-betiko eta erabatekotzat hartu.

Bonaparte bera bezala, erizpide soil bitan oinarritu zen Yrizar: bokal eufoniak eta aditz aldaerak.

Eta erizpide soil bi horiek, kopuruz ere gutxi izateaz gain, aski oinarri sendo ere ez dira, dagoeneko azpimarratu denez, euskalki-sailkapen ziur eta zuzena tajutzeko eta eraikitzeko.

Yrizarrek euskal dialektologiari egindako ekarpen zerrendari amaiera emateko, ezinbestekoa iruditzen zait haren azterketa demolinguistikoak aipatzea.

Bonaparte izan genuen euskarak euskal herrialde bakoitzean bizi zuen egoera zehatz-mehatz erakusten lehena (4) Erakusketa horren laburpena: Euskararen egoera Bonaparteren garaian, Jakin (1991), 66 zb., 11-43 eta haren lana osatzera etorri zen mende bat beranduago Yrizarren Los dialectos y variedades de la lengua vasca. Estudio lingûístico-demogrampacute;fico orain Contribución I, 171-237)].

Bitarteko urriz eta eragozpen ugariz egin behar izan bazuen ere, lan ederra burutu zuen Yrizarrek.

Honen osagarri etorri zen geroagoko Los dialectos y variedades de la lengua vasca. Variedades desaparecidas y variedades amenazadas de rápida extinción. Su evolución en el transcurso de un siglo" [orain Contribución I, 239-267]. Contribución-en bertan daukagu A. Irigarayk lan hauetaz egindako iruzkina.

3. 1980-1992 bitarteko epea

3.1. Euskal dialektologia heldutasunera bidean

Franco diktadorearen heriotze ostean (1975) ordura arteko hizkuntza politika zertxobait gozatzeari ekin zitzaion Estatu espainiarrean.

Euskaraz den bezainbatean eta 1992 bitarteko epean, Euskal Autonomia Elkartea osatu zuten hiru herrialdeetan eman dira, inon ematekotan, urratsik bizkorren eta esanguratsuenak eta askozaz ere abiadura motelagoz ibili da Nafarroa Garaian.

Euskalaritzari zuzen-zuzenean lotzen bagatzaizkio, ostera, gertaera bi dira nahitaez nabarmendu beharreko.